SOKORRI EMAN

Karrikan, lantokian edo kirol jardueretan, istripu baten lekuko izan zaitezke. Bizitza anitz salbatuko lirateke 5 pertsonatik 1ek larrialdietako lehen sorospenak ezagutuko balitu.

Hainbat formakuntza eskaintzen ditugu biktimei laguntza ekartzen ikasteko.

Sokorria egunerokoan

1.mailako Herritar Prebentzio eta Sokorria (PSC 1) publiko osoarentzako formakuntza da, izan ere, 10 urtetik aitzinako pertsona guztientzat egokia da.

7 orenez, parte-hartzaileek sokorriaren oinarrizko ezagutzak eta gaitasunak barneratuko dituzte (zer egin kontziente ez den pertsona baten parean, bulta txar edo zorabio baten aitzinean, bihotzeko baten kasuan, etab.).

Sokorria taldean

1.mailako Lehen sorospenak taldean (PSE 1) formakuntza luzeagoa eta sakonagoa da (35 oren). Parte-hartzaileek ikasten dute larrialdietako jestuak egiten, bakarrik edo taldean, lehen sorospenetako materiala erabiliz (sokorri gune batean edo interbentzio talde baten kasuan).

Diploma hau eskuragarria da 16 urtetik gorako pertsonentzat, jarduera boluntario edo profesional bat garatu nahi duena arlo horretan kolektibitate, enpresa pribatu edo segurtasun zibileko elkarte batean.

Ondotik, diplomadunak bere formakuntza osa dezake Lehen sorospenak taldean 2.mailarekin (PSE 2). Diploma hori beharrezkoa da zenbait lanbidetan (suhiltzaile, anbulantzia gidari, itsasoko salbatzaile, aurreikusitako sokorri dispositiboa…).

28 orenez, sokorritzaileak 3 edo 4 kideko talde batean eta material egokiarekin lan egiten ikasten du.

Formakuntza honekin PSE 1ean barneraturiko ezagutzak sakontzen dira eta biktima baten immobilizazio, altxatze eta garraiatze teknikak ikasten dira.

Formakuntza bukatuta, sokorritzailea “sokorritzaile taldekide” bilakatzen da.

PSE formakuntza jarraikia urtero egin behar da diploma berezi honi loturiko funtzioetan aritzen segitzeko.

Sokorria lantokian

Frantzian beharrezkoa da enpresetan sokorritzaileak izatea (Lan Kodigoko R.4424-14 artikulutik R.4424-16 artikulura).

Laneko Salbatzaile Sokorritzaile formakuntza egiten duen langileak larrialdietako lehen sorospenak ikasiko ditu, lantokian istripu bat gertatzen baldin bada erabiltzekoak, eta laneko arriskuen prebentzioa egiten ahalko du.

Bi egunez, sokorritzaile bilakatuko diren pertsonek egoera ezberdinak praktikatuko dituzte, haien lantokian diren arriskuak irudikatuz, ahal bezain eraginkorren eta lasterren izateko gisan.

SST diplomak bi urteko baliozkotasuna du, data batetik bestera. Ondotik, SST ‘birziklatze’ bat edo berritze bat egin beharko da (MAC deitzen dena).